Paradoxa politikoak

«Spain is back, Spain is here to stay», esanez ekin dio agintaldiari Espainiako Atzerri ministro tolosarrak, curriculumean euskara aise menperatzen duela nabarmendu ostean. Lo kuluxka batekin arindu du Garcia-Margallo PPko eurodiputatuak Bruselako plenoaren ‘zama’, Puigdemonten lehen hitzartzeak foku guztiak bereganatu dituenean. Etengabe Madrilera begira gauden honetan, irainak eta orotariko mehatxuak entzun ditugu euskal ordezkari baten aurka. «Hiltzailea», «terrorista», «hil hadi»… Eskuin muturra lehian, nork astakeria ozenagoa esango. Zer eta 280.000 lagunen aldarrikapenei ahotsa emateagatik. Noiz eta independentismoak lehen aldiz legegintzaldiaren giltza daukanean.

Ez da ezer gertatu. Parlamentari baten eskubideak urratu dituzten horiek lasai antzean jarrai dezakete bide beretik, erromatarren zirkua balitz bezala. Mertxe Aizpurua diputatuak inbestidura saioan sufritutako oldarraldia ez du beste inork pairatu hemiziklo horretan. Inoiz ez bezalako sostengua eta elkartasun olatua eragin du horrek. Bada zerbait.

Euskal presoen hurbilketaren aldeko ikurra hain giro arrotzean harrotasunez eramatea Auzitegi Gorenera jotzeko motibo bihurtu da aurrenekoz. Bilbo eta Baionako kaleek 80.000 lagunen babesarekin gainezka egin baino egun bat lehenago iragarri zuen ‘Dignidad y Justicia’ elkarteak Aizpuruaren aurkako salaketa. Paradoxak. Ikurrek hitzek baino esangura gehiago daukatelako sarritan.

Ministro berrien janzkerari erreparatu diote une oro telebista orduak betetzen dituzten eztabaida antzuek. Bikote batek Ministroen Kontseiluan eserlekua partekatzeagatik ere asaldatu dira beste hainbeste. Erregearen begiradapean, Konstituzioari zin egiteko ekitaldian, kontzentrazio esparruetan hildako komunistak gogoan hartu eta ikur antifaxista bat eramateagatik kritikatu dituzte Unidas Podemoseko ministro berriak. Hain justu, gauzei bere izenez deitzeagatik, itxiera mehatxupean eta jopuntuan da berriro Vallekaseko harmaila, irain matxistak eta arrazistak doan esan daitezkeen bitartean. Atzera goazela aurrera ez bagoaz.

[Goiena-ko ‘Zabalik‘ atarian argitaratua 2020ko urtarrilaren 17an]

Utzi iruzkina