Ez itxi begiak, arren

Begiak ireki dizkigu konfinamenduak. Egoera berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu. Sukaldea hankaz gora jartzeko eta 50 metro karratu eskaseko etxeetan kirola egiteko abilezia dugula ohartu gara, bizilagunen haserrerako. Ikusezinak eta bigarren mailakoak ziruditen sektore prekarizatu eta feminizatuak gizartea sostengatzeko ezinbestekoak direla jabetu gara, kalitatezko osasun sistema publiko baten premia bizitza duinen erdigunean jarrita.

Kontsumo mugagabean oinarritutako eredu aseezin, berekoi eta basatiari arrakalak aurkitu dizkiogu. Eta kapitala lehenesten duten azken hamarkadetako politika neoliberalen fruituak zein mikatzak izan daitezkeen nozitu dugu, lehen pertsonan ez bada, gure inguruan. Zaurgarriak garela konturatu gara. Eta, hala ere, daukagun apurrari zukua ateratzen eta momentu zailetan gertukoen babesa zein beharrezkoa den baloratzen ikasi dugu itxialdian.

Bide telematikoek urruti eta baztertuak genituen lagunak gerturatu dizkigute, eta begiak itxi ditugu behar genuen etenaldia egiteko. Arnasa hartzeko. Hausnartzeko. Errealitate gordinari neurria hartzeko. Balia ditzagun etxe barruan barneratutako ikasgaiak etxetik kanpo (terrazetan ere) praktikara eramateko eta arduraz jokatzeko. Ez gaitzala itsutsu lehen (des)fase murriztura pasatzeko ‘zirrarak’. Berriro hutsetik hasi nahi ez badugu, behintzat.

[‘Puntua’ aldizkarian argitaratua, 2020ko maiatzaren 15ean].

Utzi iruzkina