Erabakien zama

Elkarren artean katramilatzen diren errepideen bidegurutze bat da bizitza. Jaiotzen garenetik hartu behar izaten ditugu erabakiak. Izena, lehen pausoak emateko jantziko ditugun zapatak, hazteko ahoratuko ditugun jakiak… Gugatik hartuko dituzte erabakiak, batzuetan konbentzimenduz eta besteetan dudaz beteta. Hartzen ditugun erabakien eta hartzen ez ditugun erabakien morroi gara. Eta urteek aurrera egin ahala, etengabe erabakiak hartzera behartuko gaitu bizitzak, nahi ala ez.

Zalantzatia naiz, oso. Aitortzen dut. Erabaki bat hartzen dudan aldiro zerbait irabazten dudala hobetsi beharrean trukean beste zerbait galtzeak kezkatzen nau. Jatetxe bateko menua goitik behera begiztatzeko mahaikideek baino dezente denbora gehiago behar izaten dut etxetik kanpo otordu bat egiten dudan bakoitzean, zerbitzariaren etorrerari beldurra izateraino.

Erosketak egitera joaten naizen aldiro ere bizpahiru aldiz gurutzatzen dut merkatuko korridore bera, erosi beharrekoak behar bezala hartu ote ditudan egiaztatzeko. Erabakiak tentuz hartzeak lasaitzen nau, nahiz eta sarritan ingurukoak bizkorregi gogaitzen ditudan. Bost axola! Laneko itzulera arintzeko opor garaiko errezeta bera agindu diot neure buruari: patxadaz bizitzea, lozorroan geratu gabe. Bestela, akabo.

[‘Puntua aldizkarian argitaratua, 2019ko irailaren 13an]

Utzi iruzkina