Lanorduak, hasi eta buka

Beste gairik ez da izan egunotan: indarrean da lanaldiaren nahitaezko erregistroa, nahiz eta ez duen erabat galaraziko lan merkatuan hain ohikoa bihurtu den aparteko orduen gehiegikeria, legeari izkin egiteko zirrikituak ez direlako desagertu.

Enpresa guztiek dute lanaldi hasiera eta bukaera orduak jasotzeko ardura, langileei dagozkien soldatak ordaintzeko. Ez gehiago ezta gutxiago ere, dagokiena baizik. Arazoa, baina, erregistro hori aplikatzeko moduan dago. Noiz eta nola?

Kontraesanak nabarmenak dira. Sektore batzuetan aise ezarriko dute dekretua, erraza izango da langileen sarrera eta irteera orduak kontrolatzea. Beste lanpostu batzuetan, ordea, kazetaritzan, irakaskuntzan edo garraiolarien kasuan adibidez, ia ezinezkoa da hasiera eta amaiera orduen kontrol zurruna egitea. Eguna hasi eta mugikorra piztu bezain pronto hasten baita askoren laneguna, gauean amaitzeko.

12 orduko lanaldiak zenbatu eta ordaintzea onartuko luke sistemak? Enpresariek, noski, gehien komeni zaiena ezarriko dute, beharginen interesentzat komenigarria izan ala ez. Galtzailea, betikoa. Lanaldiaren erregistroa egiten ez dutenek zigorrak jaso ditzakete, baina isunak malguegiak dira: enpresa ugariri merkeago aterako zaizkie isunak, aparteko orduak ordaintzea baino.

Kasualitateak kasualitate, legea indarrean sartu den aste berean, sekulakoa bota du kanpaina betean Bizkaiko ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaiak. Ez bereziki prekaritateari aurre egin eta lan baldintzak bete daitezela aldarrikatzeko.

Andoni izeneko arrain-saltzaile baten adibidea jarri du, aho bizarrik gabe: goizeko 4:30ean esnatu, merkatuko postua zabaldu eta arratsaldean beste dena batean lan eginda pertsiana 22:00etan ixten duen barakaldoarraren kasua. “Ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen”, esan du. Prest legoke Andoni bezalako langileei lanordu guztiak ordaintzeko? Isiltasunek hitzek baino gehiago esaten dute sarritan.

[Goiena-ko ‘Zabalik‘ atarian argitaratua, 2019ko maiatzaren 17an]

Utzi iruzkina