Tradizio ez dena…

Gabonen kutsu erlijiosoaz hizketan aritu gara egunotan. Lagun batek bota zuen aurrekoan, poteo betean, ‘Jesus’ delakoaren jaiotzaren ordez, neguko solstizioaren hasiera ospatu beharko genukeela. Mahaiaren bueltan ‘Jesus Maria Jainkoa’-ri abestu ordez gure lurrei, gure ohiturei eta gure pertsonaiei erreparatu beharko geniekeela. Tartean, Olentzerori.

Diotenez Olentzerok ezin hobeki barnebiltzen baititu euskal herritar langile eta mendizalearen ezaugarriak. Itxuratik hasi eta izaerara arte. Buru handia eta entendimenduz jantzia. Alde batetik, ikatzak belztutako izaki misteriotsu gisa ageri zaigu pipa hortzetan duela, baina ardozalea ere bada, nola ez.

Maitatua eta euskalduna, bai, baina tradizio erlijioduna edo, hobe esanda, kristauek bereganatutakoa. Olentzerok berak oles egiteko aroari zor dio izena. Ez baitezagun ahaztu ‘gure Olentzero’ Jesusen etorrera iragartzen duen mezularia dela. Geure-geurea bai, baina “aditu duenian Jesus jaio dela, lasterka etorri da berri ematera”.

Ez kasualitatez. Eliza ahalguztidunaren botereaz ohartarazten digute horrelakoek. San Juanak, Santamasak, San Nikolas eta beste ditugu herrian ospakizunerako aitzaki. Ez naiz ni izango ohitura horiek hankaz gora jartzea proposatuko duenik, baina hausnartzeak ez digu gaitzik ekarriko.

Latinoamerikan, adibidez, herri indigenek maisuki irauli zituzten urriaren 12ko “ospakizunak”: egun, ‘Erresistentziaren Eguna’, ‘Arrazaren Eguna’ edo ‘Deskolonizazioaren Eguna’ bezala da ezaguna zenbait herrialdetan. Abesten jarraituta, Gosek ere antzeko zerbait dio: “Tradizio ez dena plazer hutsa da”.

[Puntua-n argitaratua | 2019-01-04]

Utzi iruzkina