Haustura generazionala

Kontsumo azkarreko tresna bihurtu dira sare sozialak urteen poderioz. Pantailez inguratuta bizi gara, beti arreta eske. Konektatuta, bai, baina inoiz baino bakartuago. Gutxi dira albisteen tripak irakurtzen dituztenak. Titular bat aski zaigu gure burua informatutzat jotzeko. Gizartearen unean-uneko iritziaren ispilu baino gehiago, iritzi sortzaile bilakatu ditugu sareak, eta apenas dago gogoeta pausatuetarako tarterik. Hala ere, egun batzuk daramatzat Twitterren irakurritako mezu batekin bueltaka. Honela zioen EiTBren AEBetako berriemailearen mezuak:

Hiru neskatorekin egin dut topo igogailuan. Tripodea ikusi, eta segituan bota didate galdera:

– Are you a YouTuber?
– No, I’m a journalist.
– What is that?


Kazetaritzak mundu zabalean bizi duen sinesgarritasun eta prestigio faltaren sintoma ezinhobea iruditu zitzaidan. Eta orain arte susmo hutsa zena baieztatu nuen: gizartearen pertzepzioa nola aldatu duten sare sozialek, iritzi aniztasunean eta datuetan oinarritutako kazetaritza fidagarriari bizkarra emateraino, bigarren mailako lanbide bihurtuz. «Horrela doa mundua», zioen batek. Bada zerbaiten seinale. Batzuen merituz, ziurrenik.

Geroz eta argiago daukat belaunaldi gazteenen kezka eta beharrizanei pultsua galdu diegula. Ez dugula jakin bizi duten gordintasunari erantzuten, ez hedabideetatik ezta erakundeetatik ere. Pandemiak, zoritxarrez, joera hori areagotu besterik ez du egin. Gaitz guztien errudun egin ditugu, eta errezeta zahar eta formula magikoen menpe jarri, ondorioei erreparatu gabe. Jopuntuan beti.

Haustura generazionala iraultzeko beranduegi ez ote gabiltzan. Hori da gaur-gaurkoz dudan irudipena. Gazteenek dituzten hizkuntz ohiturak, zaletasunak, harreman ereduak edota erreferenteak erreparatu besterik ez dago. Ziurgabetasun guzti honen artean bada ziurtasun eta egitate bat: gazteen lan eta bizi baldintzak gurasoenak baino okerragoak izango direla, salbuespenak salbuespen.

Prekarietateak eta langabeziak jota, duin bizi eta bizirauteko zailtasuna geroz eta begi-bistakoagoa dela ezin uka. Haustura generazional horri neurri ausartekin, enpatiarekin, eduki berritzaileekin eta ikus-entzunezko formatu berriekin heltzeko garaia dugu, gazteen kezkak erdigunean jarriz. Entzuten ikastea dagokigu. Azalean gertatzen dena azalean gal ez dadin.

[Goienako ‘Zabalik‘ atarian argitaratua, 2021eko ekainaren 11n]

Utzi iruzkina