Lehentasunak

Aukeratzean datza bizitza. Lehenik bata, gero bestea. Are gehiago albisteen kontsumo azkarreko egungo zurrunbiloan. Segun eta foku mediatikoa non jartzen den, oso bestelakoa izango da gertaera jakin batekiko gizartearen pertzepzioa.

Konta dezakezu istiluz bete direla kaleak. “Kaosa” nagusitu dela. Pilotakadek bi masailezur hautsi eta borra kolpeek zaurituak eragin dituzten bitartean. Erakuts ditzakezu irudiak. Edo ezkutatu, “Poliziak beste biderik izan ez duela” argudiatuta.

Konta dezakezu ostalarientzat erreskate planik ez dagoela. Erakundeek osasun baliabideak indartzeari uko egin diotela pandemiaren une latzenean. Edo, hobe, trukean Ertzaintzari 53 furgoneta blindatu erosi dizkiotela: 4 milioi, orotara. Txertaketa kanpaina kontrolpean eta ziztu bizian doala konta dezakezu, bidegabe jarritako txertoen eskandaluak goia jo eta errealitateak errelatoa desitxuratu arte, bederen

Interes propioak kolektiboen gainetik. Zeinen errentagarria bihurtu den hatz erakuslea gazteengan jartzea, eta zeinen erraza arreta desbideratzea arazoaren muina estaltzeko. Lehentasun kontuak, bistan denez.

[‘Puntua’ aldizkarian argitaratua, 2021eko otsailaren 5ean]

Utzi iruzkina