Kazetaritza, beti galtzaile 

Ez dira garai samurrak ekosistema mediatikoaren botere aseezinari men egiten ez dioten medioentzat. Ezta kazetaritzaren zorroztasunean eta informazio iturri fidagarrietan sinisten dutenentzat ere. Galde diezaietela bestela Ukrainako gatazka belikoaren ondorioak jasaten ari direnei. Gerraren nondik norakoak zuzenean jarraitzeko premiazko lana egiten dute freelance kazetariek eta, paradoxikoki, egia da gerraren lehen biktima.

Espioitza delitua leporatu diote Pablo Gonzalez euskal kazetariari, eta behin-behinean espetxeratu dute Polonian, Ukrainako errefuxiatuen iritsieraren berri ematen ari zela. Frogarik ezean, kazetariaren sorterria, lan egiten duen hedabidea, hizkuntza gaitasunak edota soinean zeraman kreditu txartela ‘argudio’ bezala baliatu dute kazetaria atxilotzeko. Astebete darama inkomunikatua, senideekin eta abokatuarekin hitz egin ezinik.

Ez da adibide bakarra, zoritxarrez. Guztioi eragingo dizkiguten zigorrak ezarri eta Errusia ekonomikoki itotzeko ahaleginak biderkatzeaz gain, Russia Today (RT) eta Sputnik hedabideen emisioak eten ditu Europako Batasunak, «propagandarako tresna» direlakoan. Kontrapuntu gisa, nazioarteko hainbat komunikabidek Errusiatik informatzeari utzi diote, Putinek «informazio faltsuei» aurre egiteko eta «adierazpen askatasuna babesteko» onartu berri duen legearen beldur.

Mikel Aiestaran EiTBren berriemailearen Twitter kontua ere desaktibatu dute ordu luzez, eta Gipuzkoako Auzitegiak Tele 5 eta Mediaset zigortu ditu ‘prime time’-an EH Bilduren aurka eginiko akusazio larriengatik. Auzitara jo, eta arrazoia eman diote indar subiranistari: esandakoa zuzentzera eta gastuak ordaintzera derrigortu du epaileak Ana Rosa Quintanaren saioa, gogoz kontra bada ere. 

Azken asteko kasuok balio dezatela botere mediatikoen gehiegikeria, eraso eta gezurren aurrean ez kikiltzeko, are gehiago medio konbentzionalen mandatuei kargu hartzen dieten Podcast kritikoak ugaritzen diren honetan. Denak ez baitu balio adierazpen askatasunaren izenean.

[2022ko martxoaren 11n argitaratua Goiena astekariko ’Zabalik’ atarian]

Utzi iruzkina