«Ez nahastu futbola eta politika!»

Pare bat aste dira lagun batzuen bisita Santiago Bernabeu inguruetara joateko baliatu genuela. Madrilgo museo bisitatuenetakoa ikusteko aukera ez da egunero izaten. Asteburua zen, gogor jotzen zuen eguzkiak, eta zer arraio, futbozaleak gara, zertarako ezkutatu! Sarrerak lortzeko asmotan joan ginen, baita gogoarekin geratu ere. Taberna bat bilatzeari ekin genion orduan. Hara eta hona itzuli batzuk eman ostean, kale ustez transitatu batean sartu ginen, giro bila.

Lehen pausoak ematerako itxita topatu genituen taberna gehienak, baina pertsianetako pintaketek hitz egiten zuten tabernarien ordez. “White power”, “Sieg Heil”, “No ultras, no party”, svastikak eta mehatxu bat edo beste. Jaramon handirik egin gabe bidean aurrera jarraitu, eta kale bazter batean aurkitu genuen aterpea. Partida ikustea zen lehentasuna. Lekuz kanpoko ezer printzipioz, non geunden kontuan hartuta: zezenketen irudi batzuk, Espainiako koloredun elastikoak soinean eta telebista txikiegia aukeran. Arrazoiarekin.

Berehala ohartu ginen, ezetz, hura ez zela espero genuena, bertakoei ezer gutxi axola zitzaiela partida, aitzakia perfektua baino ez zela. Eskuineko eskua altxata zutela entzun genituen lehen garrasi kementsuak taberna barrutik: “Ul-Ul-Ultrasur!”. Ahots urratu, selfie eta ikur naziak. Arrotza zitzaigun giroa. Adinean aurrera eginiko bospasei baino ez ziren, nahikoak tabernako giroa aztoratzeko. Irainak, Francoren aldeko oihuak eta, noski, Katalunia eta Florentinoren kontrakoak. Real Madrileko presidenteak debekatua die estadiora sartzea, baina futbol zelai atariko gotorlekua ez dute galdu; nonahi eta nolanahi adieraz ditzakete haien aldarrikapenak, eta erreparorik gabe zabaldu lau haizeetara.

Tabernarien oniritziarekin, frankismoko ereserkia abestu zuten gero, oso-osorik, zazpi-zortzi-bederatzi (zer dakit nik zenbat) urteko ume moko batek gidatuta. Politikari ugariren “ez nahastu futbola eta politika!” prediku hutsalaz oroitu nintzen, barre txikiari eutsita (negar ez egitearren), azken finean agintari gehienek futbolaren oihartzuna baliatzen dutelako futbola ez denaz aritzeko. Bateraezinak diruditen arren, agerikoa da elkar ulertzera kondenatuta daudela, eta horrexegatik zaindu zuten hainbeste mutikoa, harrobia ziurtatua duten harrotasunarekin. “Viva Franco”-ka amaitu zuten kantaldia.

“Flipatzen ari naiz”, xuxurlatu zidan lagunak belarri ertzera, oharkabean igaro nahian. Non sartu jakin ezinik, garagardoarekin irentsi genuen auzolotsa, zurrupadaz zurrupada, eta, beste askok bezala, ospa egiteko aprobetxatu genuen atsedenaldia, hurrengoan kontu handiagorekin ibiltzeaz gain haien izaeraz zerbait gehiago genekien kontsolamenduarekin. Jakin badakigulako ideologia eta futbolarekiko zaletasuna eskutik doazela, futbola ez dela ostiko batzuk ematera mugatzen, batez ere identitate politikoa hankamotz dagoen eremuetan.

[Zuzeu-n argitaratua]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s