Pare bat zertzelada atzokoaz (eta biharkoaz)

Badira urte mordoxka batzuk euskararen egunak berezkoa beharko lukeen izaera aldarrikatzailea galdu duela. Gehiegitxo esatea dela ihardetsiko didazue, batzuek; euskarak ere bizirauteko halakoak behar dituela, besteek. Ez da berria biktimismo eta ezkortasun giro orokortutik irteteko premia, eta presazkoa da esku hartzea, bai. Batean eta bestean, han eta hemen, entzundako mezu ponpoxoek, nolanahi, ez diote mesede apurrik egiten euskarari.

Kontzientzia lasaigarri gisa darabilte zenbaitzuek euskararen eguna, urtean zehar egin gabekoak 24 orduan konpon daitezela irmo sinetsita, apaizarenera barkamen eske joan eta lasaitua hartuta irteten diren bekatu-egileen gisara. Baina euskara baztertzea ez da bekatua, noski: hautu bat da. Euskaraz mintzatzea, izan ere, ezin da derrigortu; leundu egin behar dira diskurtsoak, erakargarri bihurtu, eta, nola ez, lehia politikoetatik atera.

Hain justu, zerbitzu publikoaren eta aniztasunaren izenean, espainol hutsean kaleratu dituzte aste honetako edizioak egunero-egunero euskara ardatz duten zenbait tokiko hedabidek. Harritu nau egitasmoak, asko, eta muturtu ere bai, are gehiago helburuen berri izaterakoan: euskaratik urrun daudenak erakartzeko egin omen dute. Bereziki harritu nau euskara biziberritzeko gaztelaniara jo beharrak, egun batez bada ere printzipioei uko egiteak, txalo zaparradak edonon eta edonoiz entzuteak, menperatu rola jokatu beharrak, menperatzaileari guztia egina emateak alboratua hura delakoan, eta, berriro ere, mira euskara ez dakitenengan jartzeak, sukaldeko lana sobera edukiko ez bagenu moduan. Harritu egin nau, bai.

Kasik oharkabean, euskal folklorearen ikur bihurtu da euskararen eguna, huts egin ezineko zita ustezko euskaltzale ororentzat, plazara sekula baino irekiago eta sentiberago agertzekoa, erdaldunek euskararik gabe galtzen dutenaz ohar egitekoa. Konbentzitzekoa, finean, baina ez horrenbeste barrura begiratzekoa, autokritika egarrian egonda ere. Zer-nolako meritua gurea. Senda belarrak baino botika eraginkorragoak balira bezala baliatzen dituzte askok egutegian gorriz markatutako zitak. Ohartu gabe damuak sutan erre arren, keak tinko eutsiko diola bereari, eta hor jarraituko duela goranzko bidean. Eskerrak gaurko egunak ere 24 ordu dituen.

[Topatu-n argitaratua]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s