Ausardia

Jazarpenak saria du. Politikoki, sozialki eta ekonomikoki hala izan da urte askoan. Helburuak axola du, ez bideaklelotzat duen gizartean hazi eta hezi gaituzte, etekinak nahierara lortzeko zilegitasuna dugula sinetsaraziz. Seguruenik poliziala da jazarpenaren adierazpide behinena; edo geure azalean gehien nozitu duguna, behintzat. Baina gaur egun ere bada jazarpenaren egokitzapen modernoagoa, txotxongiloak dauzkana mezuen igorle. Horixe bera sentitu dut goizean 18 urtetik beherako neskatoak, plastiko beltzak eskuan, ikusi ditudanean.

Afixei harro eta tente eutsita egin diete harrera Hondarribiko konpainia mistoari, tentsio giroan. Horma beltz batekin egin dute topo Jaizkibelgo kideek Kale Nagusian. Ahaleginak merezi zuen. Saria baitzeukan ausardiak. Ametsa eskuekin ukitzea: gizonezkoen alardean kantinera izatea; hura pagotxa. Bestela esanda, alarde baztertzailearen alde lerratu eta puntuak irabazteko egoten direla hor, ditxosozko tradizioaren izenean.

Tradizioak gaurkotuta, herri batzuetan lortu dute emakumeen presentzia bermatzea, baina Hondarribian, oraingoz, ez dago horretarako borondaterik, giroa zertxobait leundu bada ere. Lagun taldeak errotik hausterainokoa da kasik arazoa, asteon blog batean Jaizkibelgo gazte batek pairatutakoa kontatu dutenez. Erakundeen jarrera, bitartean, betikoa: ez dela komeni egurrari sua botatzea, auzian esku hartzea onerako baino okerrerako izan daitekeela, eta Jaizkibeli harrera egiteak tentsioa sor dezakeela, tentsioa lehendik ez balego legez. Tamalez, ez zitekeen besterik espero.

Esku hartze bakarra Ertzaintzarena izan da azken boladan; jazarpenarena, beste behin. Isunak jarri zizkien joan den urtean hainbat gazteri, eta kikilduko ziren nonbait, aurten bi aldiz pentsatu baitute lotsaren hormaren pean ezkutatu aurretik: erreparoagatik gutxi batzuk; patrika husteko beldurragatik gehientsuenak. Edo burugogorkeriagatik, nork daki. Baina izan dira, nola ez, euren burua estali dutenak, polizien pasibotasuna probestuz herrikideen aurrean aurpegia ematera ausartu ez direnak, berriro ikusezin bihurtzea hautatu dutenak. Haiena bai ausardia…

Eta egon dira, halaber, emakume gisa urratu omen dizkieten eskubideez arrangura azaleratu duten andreak (Non geratzen dira gure eskubideak? dioen afixa da horren adibide), aldi berean besteei mespretxua agertu dioten bitartean. Zertaz kexu diren azaltzeko lotsa izpirik balute sikiera… Kontraesanak eta kontraesanak. Ausardiak eta ausardiak. Agerikoa da norena den egiazkoa, txalotzekoa.

[Klitto!-n argitaratua]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s