Ohitu gaituzte

Ohitu gaituzte politikoki zuzenak diren idatziak taxutzera. Akatsik ñimiñoena ezabatu ahala, tentuz jardutera, zentzuz arrazoitzera. Edo itxurak egiteko abilidade aski izatera. Ohitu gaituzte berba gaiztorik ahotan ez izatera. Betebehar nekezak hartzera. Ohitura esatera, eta ez usadio. Zintzo jokatzera: soilik hozka egitera, orroa bekatua bailitzan.

Bizitzaren bidaia norbaiten eskutik helduta egitera ohitu gaituzte. Partekatzera, norbere karkabetan arakatzeko aukerak alboratuz. Uzkur begiratuz haize boladen menpe bizitzeko hautua hartu duen horri. Ohitu gaituzte hotza egiten duenean ikaratzera. Goibel egotera. Hotzikarak sentitzera. Irribarreak izoztera. Anorak, gorro eta eskularruetan abaroa hartzera.

Euripean estaltzera, aterpean ezkutatzera, eroso sentitzera, lehor, tantetatik ihesi, arriskurik ez hartzera. Ohitu gaituzte urtea eguzki eskean ematera. Beroa egiten duenean polit eta lirain agertzera, itzal ilunei azalean eusteko betarik eman gabe.

Ohitu gaituzte nahi ez ditugun baldintzetan bizitzera, argi utziz gogotik ordaintzen dela bihurrikeria oro; legearen ertzetik kulunkan aritzea ez dela ona. Uste izatera lurra kolpatzea ez, oinak lurrean izatea baino ez dela saritzen. Amesgaiztoa gorrotatu, ametsa ahantzi. Etxeko apalean hautsik ez pilatzera ohitu gaituzte.

Baita menpeko izatera ere. Men egitera. Ulergaitzak zaizkigun mapetatik at mundua lauso irudikatzera. Geurea dena ukatzera, ezbaian jartzera, giltzapean edukitzera, ez erabiltzera, museotan gordetzea zilegi dela pentsatzera, eta daukan balioaz ez jabetzera. Bazter lagatzea.

Iparrorratzarekin bizitzera ohitu gaituzte, nondik gatozen eta nora goazen jakiteko. Erabakiak hartzera: baietz edo ezetz esatera. Belauniko jartzera ere. Ohartu gabe ohiturek, funtsean, debekuen gisara, kontrako efektua dutela maiz eragiten.

[Goiena-n argitaratua]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s