Bigarren planotik harago

Ikus-entzunezkoetatik natorrelako edo, bada kontu bat azken boladan asaldatzen nauena. Betidanik erreparatu izan diot egunkarietako diseinuari, eta orain argazkiekin nabil tematuta. Gari Garaialde argazkilariari entzun nion irudiek merezi baino presentzia murritzagoa dutela hedabideetan eta maiz osagarri soilaren papera betetzen dutela. Bat nator horrekin, iruditzen baitzait argazkiei beste trataera bat eman beharko litzaiekeela.

Argazki galeriak eta tankerakoak webguneetan dira ugariak, ziurrenik formatuak berak horretarako erraztasunak ematen dituelako; halere, formula horiek modu batean edo bestean paperera eroan daitezkeela iruditzen zait. Eta ez soilik jaietako gehigarrietan. Esaterako, egun berean Herrira-ren aurkako operazioren harira Euskal Herriko hamaika herritan mobilizazioak egin badira, zergatik ez orri osoa osatu tokian tokiko irudiekin? Irakurleak ez du beste aldarte batean hartuko, bost zutabeko testu bat baino? Gizakiok begietatik edaten dugu, eta argazkiek ez dute bidesaririk ordaindu behar bertatik igarotzeko.

Geroz eta argiago daukat jendeak ez duela egunkariak behar bezala irakurtzeko astirik edo gogorik sarritan. Hain bizi gara gizarte bizkor eta gain informazioaren erritmo etengabean, non Twitter-eko txioak gure informazio beharra asetzeko nahikoak diren. Hala, informazioa kontsumitzeko usadio berrietara jarraiki, irakurleak eskatzen duen bat-bateko ikusgarritasun horri probetxua atera diezaiokegu.

Kazetariok ez diogu tarterik eskaintzen argazki egokia hautatzeari. Albistea bukatu, eta lehen begi kolpean parean jartzen zaigunaren aldeko apustua egiten dugu askotan; bigarren planoko elementu bilakatzen dugu, garrantzirik ez ote duelakoan. Erakargarritasunari kalte egiten dio horrek; are gehiago, irakurleak titularrari adina garrantzi ematen dionean argazkiari. Ziurrenik ez da hain samurra, baina balio beza gogoetarako, eta, batik bat, jendeak zalantzan jarri dezan, gutxienez, orria pasa edo ez.

[Goiena-n argitaratua]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s